top of page

AZPEITIKO GURE TXOKOTIK, HEMEN DAUKAZUE GURE OMENALDI XUMEA, KORRIKARI BEREZIKI ETA EUSKARARI OROKORKI. 







Zer da Korrika?


Korrika, AEK-k antolatuta, Euskal Herri osoan zehar egiten duen euskararen aldeko lasterketa erraldoia da. Gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.



1980an Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu zuen 1. Korrika antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da. Ordudanik 18 Korrika eta 33 urte igaro dira.



2013ko martxoaren 14an hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatu du hamazortzigarrenez Korrikak. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka korrikalarirekin, gau eta egun gelditu gabe.

Korrika hasi eta amaitu arte, lekukoa pasatzen da eskuz esku eta kilometroz kilometro korrikalarien artean; lekuko horren barruan Korrika helmugara iristean, euskaldun ezagun batek irakurriko duen mezua doa, ordura arte sekretupean gordetzen dena.



Ehunka mila lagun izan dira parte-hartzaileak aurreko Korrika edizioetan. Korrikaren inguruan sortzen den mugimenduak Euskal Herriko jendarteak bere hizkuntza berreskuratzearen alde egindako hautua erakusten du. Korrika Euskal Herriko jendartea astintzen duen gertakari bilakatu da. Bi urterik behin egiten den lasterketan parte hartzen duen jende kopuruak gora egiten du etengabe, Korrikaren antolaketan milaka lagun aritzen dira herriz herri eta auzoz auzo eratutako batzordeetan, eta kanpainak irauten duen bitartean ehunka jaialdi, kultur ekitaldi eta abar antolatu ohi dira.





Nork antolatzen du?



AEK-k, euskararen berreskuratzea eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea xede duen erakundeak. Hori lortzeko helduen helduen euskalduntze eta alfabetatze alorrak jorratzen ditu: euskara eskolak, ikerkuntza, material didaktikoen sorkuntza, irakasleak prestatzeko ikastaroak, kultur ekitaldien antolakuntza, euskara erabiltzeko mintzalagun programak, lantegi eta erakundeen normalizazio planen diseinu eta gauzapena, eta euskararen aldeko kontzientziatze kanpainak.



Jakina denez, Iparraldeko eta Nafarroako ikasguen egoera larria da, eremu administratibo horietako euskaltegi eta gau-eskolek ez dute inondik ere behar dituzten diru laguntzak jasotzen, eta EAEko diru laguntza politika erabat okertu da, krisialdi ekonomikoaren aitzakian. Korrika 18k jasotako dirua, beraz, Euskal Herri osoko Gau Eskola eta euskaltegiak laguntzeko erabiliko du AEK-k.

 

 

 

 

 

 

INFORMAZIO  ITURRIA:   http://www.korrika.org

bottom of page